Betaurreko dekolonialak, zine soziala ikusteko. Parisko auzo pobre baten erretratua. Polizia, ustelkeria, delinkuentzia, arrazismoa, diskriminazioa eta indarkeria nahasi egiten dira lehen pertsonako narratzaile batek zuzendutako ikus-entzunezko kaleidoskopio honetan. Gaizki deituriko "bigarren belaunaldi" horien istorioa da. Hauek, kameraren aurreko lekua utzi (beti objektu diskurtsibo bezala grabatuak izan baitira), eta bisorearen agindua hartzen dute, beren lekua aldarrikatuz (begi eta ahots propioak dituzten subjektu diskurtsibo bezala).

Europako jainkoek abandonatutako Ulises txiki baten bidaia. Europarako migrazioari, Melillari eta beste hesi batzuei buruzko drama, bakarrik dauden migrante adingabeei buruzkoa, eta harrokeria zuriaren hipokrisiaren eta kontraesanen ingurukoa.

Tximeleta hegakada bat, nazismoaren aurkako tsunami judizial baten eragile. Thriller judizial bat 1945ean amaitu ez zen nazionalsozialismoari buruzkoa, hirugarren Reicharen garaian eta ondoren gertatutakoaren erru kolektiboari buruzkoa, literaturak eta zinemak ordenamendu juridiko koldarra aldatzeko duten botereari buruzkoa, erregimen naziaren biktimak aitortu eta erreparatzera begira.

Palestinako gatazka zaharretik, gorrotoaren diskurtso modernora. Drama judiziala da, aurkako herrien arteko liskarra pizten duena, honakoa landuz: gorrotoa adierazteko eskubidea eta barkamenaren balioa

Iraganeko (eta egungo?) Ipar Amerikan girotzen den road movie-a. Orduko gida turistikoek jasotzen dute zein hoteletan onartzen dituzten pertsona beltzak, eta zeintzuetan ez. 1960. hamarkada da. Jazz musikari fin batek, beltza denak, eta bere gidari zuriak, aurre egin beharko diote gizarte kontraesankor bati; musikaria txalotu egiten dute pianoan duen birtuosismoagatik, betiere antzokietara atzeko atetik sartzen bada.

Balkanetako Gerraren izugarrikeriaren aurrean "igeri egiten ikasteko" lezioa. Irlandan errefuxiatutako neska baten mututasunari eta isiltasunari buruzko istorioa da, Jugoslaviako genozidiotik eta gerra-arma gisa baliatutako sexu-indarkeriatik bizirik atera ostean. Alaba galdu zuen, etxea galdu zuen. Coixeten filmak isiltasunetik bertatik kontatzen du bere isiltasuna, samurtasunez, sakontasunez, poesia bisualaz eta grinaz, eta ikusleei eskatzen die ez konformatzeko jakitearekin zer gertatu zen, eta, horren ordez, "igeri egiten ikasteko".

Helena Gonzalez GazteFilm Festeko zuzendarikideak, eta Rosabel Argotek CEAR-Euskadiren BiZINEtza-tik, katalogo hau aurkezten dute, hogei-bat pelikulari buruz hitz eginez, erreferente direnak honako gai hauen inguruan: Asiloa; Diskriminazioa, xenofobia eta arrazismoa eta Kulturarteko elkarbizitza

Europako Gobernuren batek "zeruan" onartu edo "infernura" itzularazten dituen arte, asilo-eskatzaileak dauden "linborako" sarrera bat. Ezerezaren erdian dagoen aterpetxe batean asilo-eskatzaileak bizi dira, nazioarteko babesa eskatzen dutenetik, harik eta, hilabete edo urte batzuk geroago, gobernu europarren batek asiloa ematen dien ala ez jakinarazten dien arte. Umore lehorra. Hasieran, etorkinak eta errefuxiatuak mespretxatzen dituen, eta, geroago, samurtasunez hartzen dituen jendarteari buruzko parodia. Maitasuna piztuko digu komunitatea osatzen duten pertsonaia guztiekiko, maitagarri bihurtzen baitute "itxaron dezakeen zeru" hori.

Pixarren animaziozko filma, Trumpen aurkako ikono borrokalari bihurtua. Mexikoko mugak, bisak eta aduanak hizpide dituen istorioa, esanahi berezia hartzen duena AEBetako eta beste herrialde batzuetako migrazioaren aurkako politiken testuinguruan, eta Europak errefuxiatuak hartzeari uko egiten dion testuinguruan. Omenaldi samurra, emigratu ostean itzuli ezin izan ziren senide kutunei.