Zergatik gorrotatzen dugu bizilagun bat, ideologia, klase eta kultura berekoa dena, haren zuhaitzak gure lorategian itzal egiten digulako? Komedia beltza: gizakiok zuhaitz batengatik egiteko gai garen miseriei buruzkoa, auzo-harremanei —bizikidetza, koexistentzia, etsaitasuna— buruzkoa, gorroto ilustratuari buruzkoa eta ustezko ongizate-gizarteari buruzkoa.

Komedia dramatiko entretenigarria, su motelean egosten den kulturarteko bizikidetzari buruzkoa. Bizimodu hobearen bila Europara bizitzera doan Indiako familia baten istorioa da; kasualitatez, Frantziako hegoaldeko herri txiki batean bukatzen du familiak. Han, modu arin eta entretenigarrian, maitasun, arrakasta eta elkarbizitza kontuak sortuko dira, Michelin izarra duen jatetxe baten eta Kadam familiaren jatetxe berri indiarraren inguruan.

Kultura aniztasuna edo kulturartekotasuna: luxuzko bankete batean kadeneta dantzatzea. Komedia honek umorez mozorrotzen du aberaskumez eta kexatiz betetako jendarteari egiten dion kritika. Izan ere, askoz hobeto egongo ginake (elkar)bizitzaren alde egingo bagenu, elkarren alboan existitzeaz harago, jatorri kultural ezberdinak batuz, ez kenduz.

Europako Gobernuren batek "zeruan" onartu edo "infernura" itzularazten dituen arte, asilo-eskatzaileak dauden "linborako" sarrera bat. Ezerezaren erdian dagoen aterpetxe batean asilo-eskatzaileak bizi dira, nazioarteko babesa eskatzen dutenetik, harik eta, hilabete edo urte batzuk geroago, gobernu europarren batek asiloa ematen dien ala ez jakinarazten dien arte. Umore lehorra. Hasieran, etorkinak eta errefuxiatuak mespretxatzen dituen, eta, geroago, samurtasunez hartzen dituen jendarteari buruzko parodia. Maitasuna piztuko digu komunitatea osatzen duten pertsonaia guztiekiko, maitagarri bihurtzen baitute "itxaron dezakeen zeru" hori.

Zinema absurdua, babesteko balio ez duten asilo-prozedura absurduei buruzkoa. Sentimentaltasun paternalistarik gabeko umorezko erretratua. Siriako errefuxiatu baten eguneroko bizitzari buruzko film samurra eta surrealista da; Finlandiako herrialdeak ezetz esaten dio, baina, finlandiarrek, baietz.