Frantziako goi burgesiako familia baten erretratua, alboko Calaisko migratzaileen kanpalekuko sufrimenduarekiko burbuila iragazgaitz batean bizi dena. "Ezin dut etorkinen inguruko film bat egin; ez dut haien bizitza ezagutzen nire esperientziaren bidez. Baina film bat egin dezaket edozein sufrimenduren aurrean adierazten dugun axolagabekeriari buruz" (zuzendariak Haneke por Haneke liburuan egindako adierazpenak).

Zergatik gorrotatzen dugu bizilagun bat, ideologia, klase eta kultura berekoa dena, haren zuhaitzak gure lorategian itzal egiten digulako? Komedia beltza: gizakiok zuhaitz batengatik egiteko gai garen miseriei buruzkoa, auzo-harremanei —bizikidetza, koexistentzia, etsaitasuna— buruzkoa, gorroto ilustratuari buruzkoa eta ustezko ongizate-gizarteari buruzkoa.

Komedia dramatiko entretenigarria, su motelean egosten den kulturarteko bizikidetzari buruzkoa. Bizimodu hobearen bila Europara bizitzera doan Indiako familia baten istorioa da; kasualitatez, Frantziako hegoaldeko herri txiki batean bukatzen du familiak. Han, modu arin eta entretenigarrian, maitasun, arrakasta eta elkarbizitza kontuak sortuko dira, Michelin izarra duen jatetxe baten eta Kadam familiaren jatetxe berri indiarraren inguruan.

Kultura aniztasuna edo kulturartekotasuna: luxuzko bankete batean kadeneta dantzatzea. Komedia honek umorez mozorrotzen du aberaskumez eta kexatiz betetako jendarteari egiten dion kritika. Izan ere, askoz hobeto egongo ginake (elkar)bizitzaren alde egingo bagenu, elkarren alboan existitzeaz harago, jatorri kultural ezberdinak batuz, ez kenduz.

Errefuxiatua, Pakistanen Nestle salatzeagatik. Pertsona batek asiloa eska dezake, enpresa bat transnazional batek (farmazia-, elikadura-, petrokimika-, tabako-enpresa) jazarri eta mehatxatzen duelako, gobernuaren onespenarekin? Galdera horri erantzuten dio gertakari errealetan oinarritutako film honek. "Goliath" (zehazki, Nestlé) ugarietako bati aurre egin zion "David" baten istorioa kontatzen du, enpresak herrialde pobretuetako milaka haurren heriotzarekin zerikusia izatea leporatuz, herrialde horietan banatutako esne-hautsaren ondorioz.

Genero arrazoiengatiko jazarpena Aljerian, erbesteratutako zuzendari batek filmatua. 1990eko hamarkadako Aljeriako gatazka armatura itzulera lau emakume gazteren bizipenen bidez, beren ametsei heldu zietenak indarkeria patriarkalez blaitutako errealitatean bizirauteko.

Ordena sozialaren zuritasunaren aurka matxinatzen den mugimendu sozial bat, azal mestizo eta indigena duten aurpegirik gabeko errebeldeena. Film distopikoa. Mexikoko matxinatu batzuek estatu kolpe odoltsu bat antolatzen dute, ordena arrazista eta klasista berri batean amaitzen dena, ordena zaharren antzekoa.

“Ez, panna cotta ez da mezua. Zeu zara mezua”. "El hoyo" izeneko lurpeko kartzela batean ehunka preso daude pilatuta, ziega bertikaletan. El Hoyo-n hiru pertsona mota daude bakarrik: goikoak, behekoak eta salto egiten dutenak. Zer taldetakoak dira errefuxiatuak? Nola banatzen dira, mailaka, Iparraldeko eta Hegoaldeko herrialdeak? Eta mugak? Eta klase sozialak? Zer mezu zara zu?

Haur errefuxiatu baten erretratu mingarria, mundura ekartzeagatik gurasoak auzitara eramaten dituena: pornomiseria ala zaplazteko bisuala? Letra larriz idatzitako drama bat, kaleko haurrei buruzkoa, eta biziraupenari buruzkoa. Gizadiaren erretratua, ikusi eta barruan geratzen zaiguna. Ahaztezina.