EL INSULTO
Egilea: Rosabel Argote

Palestinako gatazka zaharretik, gorrotoaren diskurtso modernora.

Drama judiziala da, aurkako herrien arteko liskarra pizten duena, honakoa landuz: gorrotoa adierazteko eskubidea eta barkamenaren balioa

HERRIALDEA, URTEALibano 2017

ZUZENDARIAZiad Doueiri

AKTOREAKAdel Karam, Kamel El Basha, Christine Choueiri, Camille Salameh, Rita Hayek, Talal Jurdi, Diamand Bou Abboud, Rifaat Torbey, Carlos Chahine, Julia Kassar

gaikako etiketak

Tony, libanoar kristaua, bere balkoiko landareak ureztatzen ari da. Ustekabean, ur pixka bat isurtzen du Yasser palestinarraren buruan, eta horrek borroka bat piztuko du. Yasserrek, haserre, Tony irainduko du, eta hark, harrotasuna zaurituta, kontua auzitara eramatea erabakiko du. Horrela, prozesu luze bat hasiko da, non gatazkak dimentsio nazionala hartuko duen, aurrez aurre jarriz Libanoko palestinarrak eta kristauak. Hain zuzen ere, Yasseren irainak eta barkamena eskatzeari uko egiteak, auzitara eramango dituen indarkeria gertaera batzuk eragingo ditu, afera nazionala bihurtuko da, eta berriz irekiko ditu ondo orbaindu gabeko zauriak, kristauen eta errefuxiatu palestinarren arteko gerra eragin zutenak (FilmAffinityren sinopsia).

Kritika

Urteetan zehar, film askotan landu da Palestinako gatazka. Baina El insulto filma bereziki txalogarria izan zen, batez ere palestinarren eta libanoarren arteko harremana markatzen duten gertaera historikoak azaltzeko adierazi zuen asmo didaktikoagatik. Horrela, gertaera historikoen artean, filmak gogorarazten digu, Israelgo Estatuaren eraketaren ondorioz, palestinar askok Libanon bilatu zutela harrera. Bertan, errefuxiatu-kanpalekuak okupatu zituzten (denborarekin iraunkor bihurtu direnak), eta gainerako herritarren zati handi batek estigmatizatzen zituen taldea bihurtu zen; bereziki, nazionalisten erresuminak bultzatutako eskuin politikoak. Aurrez aurre dauden bi aldeek argudioak bilatzeko, Sei Eguneko Gerra, Iraila Beltza eta Damourreko sarraskia azaltzen dira epaiketan, zeina auzokideen arteko arazoa izatetik hasten den, eta libanoarren eta palestinarren arteko harremanen historiaren epaiketa bihurtzen den.

GEHIAGO

ELKARRIZKETA ESZENAK ETA XEHETASUNAK

  • Ekidistantzia faltsua gatazken irudikapenean.
    Tony eta Yasser langileak dira, beren familiez arduratzen dira, eta abar. Hala ere, epai batekin bukatuko da epaiketa. Pertsonaia nagusien karikaturizazioaren ondorioz, hasieratik, enpatia handiagoa sortuko du bi protagonistetako batek, nahiz eta filmaren planteamenduak simetrikoa izan nahi duen. Film edo serie baten adibideren bat eman dezakezu, zeinetan pertsonaien simetria faltsu horrek balantza makurrarazten duen, azaldu nahi den gatazka epaitzerakoan?
  • Beste masaila jarri?
    Ekintza biolento batzuk defentsa legitimoko ekintza gisa justifikatzen dira epaiketan. Begia begi truk delakoa ez bada modu zuzena gatazka bat konpontzeko, noiz arte jarri behar da beste masaila?v
  • Adiskidetzea, historiaren edo ahanzturaren bidez.
    Historia garaileek idazten dute, nahiz eta esaten den ere denborak garaituei ahotsa ematen diela. Gertakari historikoak irainen eta kalte-ordainen segida baten moduan azaltzen dira filmean. Eta, horren gainetik, barkamena dago, hurbiltzeko keinu gisa, berbalizatzera iritsi gabe. Baina, nola iritsi puntu horretara? Historiatik edo ahanzturatik?

Zine-forumean erabiltzeko eztabaida eta dinamizaziorako beste galderak:

  • Zergatik gorrotatzen dugu?
    Gure auzokideekiko gorrotoak markatuta jaio gaitezke, belaunaldiz belaunaldi transmititzen den bidegabekeriazko iraganak markatuta. Edo, gorabehera txikiengatik ere gorrotatu dezakegu. Batzuetan, El insulto filmean bezala, gaizki jarritako kanaloi bat ez da detonatzailea, baizik eta gorrotoaren iratzargailua, ezkutuan zegoen gorrotoa aktibatzen duena. Beste film batzuetan, Hafsteinn Gunnar Sigurðssonen Buenos vecinos film islandiarrean, adibidez, gertakari txikiaren aurretik existitzen ez zen —edo agian bai— beste gorroto mota bat agertzen zaigu. Gorrotoa berezkoa al du gizakiak? Gorrotatzen jakinda jaiotzen gara, ala jendarteak irakasten digu gorrotoa sentitzen?
  • Gorrotatzeko eskubidea
    Film honetan gorrotatzeko eskubidea planteatzen da, esparru pribatuan behintzat. Zentzu horretan, oso adierazgarria da abokatuak epaiketan galdetzea nola adierazi zen esaldi hura ("Nahiago nuke Sharonek palestinar guztiak suntsituko balitu"): megafono batekin, grafiti batekin edo komunikabide batean. Horrek esan nahi al du gorrotatzeko eskubidea dugula, baldin eta gure gorrotoa zabaltzen eta sustatzen ez badugu? Populismo su-emailearen garaiotan, kontraesankorra bada ere, aldarrikatu daiteke esparru publikoan gorrotatzeko eskubidea? Eta esparru pribatuan gorrotatzekoa?