ADÚ
Egileak: Mikel Mazkiaran eta Rosabel Argote

Europako jainkoek abandonatutako Ulises txiki baten bidaia.

Europarako migrazioari, Melillari eta beste hesi batzuei buruzko drama, bakarrik dauden migrante adingabeei buruzkoa, eta harrokeria zuriaren hipokrisiaren eta kontraesanen ingurukoa.

HERRIALDEA, URTEAEspaña, 2020

ZUZENDARIASalvador Calvo

AKTOREAKLuis Tosar, Anna Castillo, Moustapha Oumarou, Álvaro Cervantes, Miquel Fernández, Zayiddiya Dissou, Jesús Carroza, Ana Wagener, Nora Navas, Marta Calvó, Josean Bengoetxea, Jose María Chumo, Candela Cruz, Rubén Miralles, Emilio Buale

gaikako etiketak

Europa iristeko ahalegin etsian, Kamerungo lurreratze pista baten aurrean, sei urteko haur bat eta bere ahizpa zaharrena zain daude hegazkin baten sotoan sartzeko. Handik ez oso urruti, ingurugiro ekintzaile batek hildako eta letaginik gabeko elefante baten irudi izugarria ikusten du. Isileko ehizaren aurka borrokatzeaz gain, aurre egin beharko die ere Espainiatik etorri berri den alabaren arazoei. Milaka kilometro iparraldera, Melillan, guardia zibil talde bat prestatzen ari da hesiaren kontrako oldartu diren Saharaz hegoaldeko herritar andanari aurre egiteko. Hiru istorio, gai nagusi batek lotuak; protagonistetako batek ere ez daki beren patuak gurutzatu egingo direla, eta beren bizitzak betiko aldatuko direla (sinopsia: https://laterrazafilms.com/proyecto/adu/).

Kritika

Ez da erraza Afrikatik Europarako migrazio-mugimenduei heltzea, estereotipoetara edo malko errazeko eszenetara jo gabe. Film honek ez du hori nahi eta, lehen minututik, leku bateko kontakizuna eskaintzen digu, erabateko gordintasunarekin: Melilla, 12 kilometroko hesi batez inguratutako hiria. Berriki, kontzertina polemikoak ordezkatzeko, 10 metroraino iristen diren zilindro batzuk jarri dituzte.

GEHIAGO

ELKARRIZKETA ESZENAK ETA XEHETASUNAK

  • Bero-beroan egindako itzulketak
    Indarrez eta inolako espedienterik gabe, hesia gurutzatu nahi duten pertsonak baztertzea da "beroan itzultzea". Auzitegi Konstituzionalak prozedura hori babestu zuen, Giza Eskubideen Europako Auzitegiaren irizpideari jarraituz, 2020ko otsaileko epai polemiko batean. Horren isla moduan, filmaren hasieran itzulketa horien adibide bat ikusiko dugu: hesira igotako asilo-eskatzailearen paperak lurrera eroriko dira. Eszena horrek eguneroko errealitatea islatzen du, eta zalantzan jartzen digu honakoa: posible al da asiloa baldintza horietan eskatzea?
  • Gurugú mendia
    Maroko eta Melilla arteko muga banatzen duen hesitik ehun metro ingurura dago, eta migratzaileak hesia saltatzeko zain egoten dira mendi horretan. Gurugu mendiari buruz, badakigu Marokoko poliziak bertan altxatutako kanpalekuak desegiten dituela, eta bertan muturreko baldintzetan bizi diren migratzaileei erasotzen diela. Badakigu, halaber, ez dela Europako bakarra. Izan ere, mugen inguruan halako kanpamentuak egon ohi dira, non, ezer galtzeko ez dutenek, beren aukeraren zain dauden inoren lurralde horretan: Calais Frantziako iparraldean, Röszke eta Tompako igarobideak Hungarian edo Lesbosko Moria kanpalekua, sute batek suntsitua 2020ko irailean. Nola da posible XXI. mendeko Europan horrelako kanpalekuak baimentzea?

Zine-forumean erabiltzeko eztabaida eta dinamizaziorako beste galderak:

  • Debekatuta dago pasatzea

    Filmak ez du migrazioari buruzko diskurtso handirik garatu nahi. Baina bada eszena bat non guardia zibil batek Melillako hesiaren existentzia justifikatzen duen, Afrikan gertatzen dena Europan zein gutxi axola digun argi azaltzen duena. Zehazki, guardia zibilak azaltzen duenez, Melillako hesia behar dugu "herrialde honetara hurbiltzen direnei argi eta garbi uzteko gurutzatzea debekatuta dagoela; eta euren arazoak beraiek konpondu behar dituzte, hesitik kanporantz".

    Guardia zibilaren "epai" horrek 2014ko otsailaren 6an gertatutakoa gogorarazten du; izan ere, 15 pertsona hil ziren Tarajal hondartzan, Espainiako Ceuta hiria eta Maroko banatzen dituen dikea saihesten saiatzen ari zirela, igerian. Guardia zibilak gomazko pilotak jaurtiz uxatu zituen. Afera honek ibilbide judizial luzea izan du, artxibatu eta desartxibatu egin da. Horren baitan gertatutako kontu lotsagarrienetako bat izan zen, artxibo-autoetako batean, Ceutako epaileak esan zuenela gertatutakoaren erantzukizun bakarra modu irregularrean igerian sartzen saiatu ziren pertsonena zela, itotzeko arriskua bere gain hartuta, eta, beraz, guardia zibilak ez zuela haiek salbatzeko inolako betebeharrik.

    Antzeko zerbait gertatzen da gaur egun aduanetako eta mugen zaintzarako Frontex agentzia europarrarekin, eta noraezean dauden etorkinak erreskatatzen dituen Aita Mari ontziarekin. Europako Batzordearen arabera, ontzi horiek ez dira beharrezkoak, ontzi horietan bidaiatzen dutenek hondoratzeko arriskua dutelako. Logika horren arabera, imajinatzen al dugu Euskal Herriko kostaldeko udalek sorospen-taldeak hondartzetatik kentzea erabakitzea, argudiatuta digestioa egin gabe bainatzen direnek itota hiltzeko arriskua beren gain hartu behar duela? Zergatik da argudio hori pentsaezina gure artean, baina baliozkoa da Europan sartu nahi duten pertsonei aplikatzeko orduan?