CAFARNAÚM
Egileak: Rosabel Argote

Haur errefuxiatu baten erretratu mingarria, mundura ekartzeagatik gurasoak auzitara eramaten dituena: pornomiseria ala zaplazteko bisuala?

Letra larriz idatzitako drama bat, kaleko haurrei buruzkoa, eta biziraupenari buruzkoa.

Gizadiaren erretratua, ikusi eta barruan geratzen zaiguna. Ahaztezina.

HERRIALDEA, URTEALíbano, 2018.

ZUZENDARIANadie Labaki

AKTOREAKZain Al Rafeea, Yordanos Shiferaw, Boluwatife Treasure Bankole, Kawthar Al Haddad, Fadi Kamel Youssef, Cedra Izam, Alaa Chouchnieh, Nour el Husseini, Elias Khoury, Nadine Labaki

SARIAK2018an ingelesez besteko film onenaren Oscar sarirako hautatua,
Canneseko Epaimahaiaren Saria,
Donostiako Zinemaldiko ikusleen Saria
eta beste hainbeste; guztira 23 sari eskuratu ditu.

gaikako etiketak

Beiruteko (Libanoko) kaleetan bizi den 12 urteko haurra da Zain. Asmamena da bere inguruko etsaiengandik eta bere gurasoengandik babesteko duen arma nagusia. Badaki inork ez dituela bere eskubideak kontuan hartzen, eta oso ezohikoa den zerbait egitea erabakiko du: nazioarteko auzitegi batera jotzea eta bere gurasoak salatzea. Epaileak galdetzen dionean gurasoei zer leporatzen dien, Zainen erantzuna zuzena bezain harrigarria izango da: "Bizia eman izana". Bien bitartean, bere ihesaldian, egoera irregularrean dagoen etorkin batek hartuko du Zain; hark babesa emango dio Zaini, eta haren haurtxoa, Jonas, bere zaintzapean utziko du. Zainek eta Jonasek kalean biziraungo dute, harik eta gehiago ezin duten arte.

Kritika

Cafarnaum istorio lazgarria da. Jasan dezaketenaren mugara eramaten ditu ikusleak. Batzuetan, jasanezina da pertsonaia nagusiarekiko identifikazio enpatikoan sentitzen den mina. Are gehiago, Zain, errealitatean, existitzen dela jakiten dugun unean: bere benetako izena Zain Al Rafeea da, eta 2013an bere familiarekin Libanon instalatu zen errefuxiatu siriarra da. 10 urte zituenetik kargatzaile lanetan ari zen supermerkatu batean, eta orduan aurkitu zuen, 2016an, zinema zuzendariak, kalean, filmerako casting bat egiten ari zenean.

Izan ere, Labakik istorioa Libanon zentratzen duen arren, filmak ez du testuinguru zehatzik bilatzen Beiruten kalean bizi den haur babesgabe baten dramari buruz. Kontrara, Labakik "cafarnaúm" terminoa aukeratu zuen filmaren izenbururako hitz horrek kaosa esan nahi duelako, eta bikain deskribatzen duelako munduko kale askotan egunero bizi den egoera. Zentzu horretan, Labakiren salaketa asmoa Libanoko kaosetik harago doa; izan ere, haur honen bizitza Brasilgo edo Angolako edozein hiritara eraman daitekeen egoera gisa irudikatzen du.

GEHIAGO

ELKARRIZKETA ESZENAK ETA XEHETASUNAK

  • Mundu honetan bizi nahi ez izatearen etsipena.
    Ume batek bere gurasoak auzitara eramateko aukera izan beharko luke, mundura ekarri izanagatik? Zer deritzozu?
  • Laguntza humanitarioa, soilik siriarrentzat.  
    Eszena batean, Zainek neskato siriarrari galdetzen dio nondik atera duen jaten ari dena; neskatoak erantzuten dio karitatezko erakunde batean eman diotela, baina Zain ezin dela bertara joan, siriarra ez delako. Siriarrei zuzendutako erakunde humanitarioen programetan ez dira sartzen errefuxiatuen egoera ekonomiko antzekoa duten libanoarrak. Libanoko Estatuak ez badu betetzen Nazio Batuen Haurren Eskubideen Konbentzioa, nola konpondu arazo hau? 
  • Paperik gabe bizitzea.
    Filmaren argumentua sinesgaitza izan daiteke: haur batek bere gurasoak auzitara eramaten ditu, mundura ekarri izanagatik.  Hala ere, hasierako premisa horretatik abiatuta, Nadine Labaki zuzendariak garatzen duen istorioa bideratuta dago estatuarentzat ikusezinak diren pertsona guztien bizi-baldintzak salatzera, dokumentazio ofizialik ez izateagatik legez kanpoko egoeran bizirauten dutenen egoera, Zain protagonistarena kasu. Zuzendariak hala azaltzen du hainbat elkarrizketetan: “Paperik gabe, ez duzu ezertarako eskubiderik”. Imajinatzen al duzu paperik gabe bizitzea?

Zine-forumean erabiltzeko eztabaida eta dinamizaziorako beste galderak:

  • Cafarnaum filmak, esan bezala, sari ugari jaso dituen arren, oso kritikatua izan da "pornomiseriaren" adibidetzat jo dutenen artean.
    Kontuan izan behar da "pornomiseria" terminoa 1970eko hamarkadan sortu zela zinema mota jakin bat kritikatzeko; hain zuzen ere, pobreziaren eta drogen mundua zuzenean bizi gabe, miseriaren exhibizionismo hutsa eginez, zenbait zuzendarik Kolonbian egiten zuten zinema izendatzeko baliatzen zen terminoa. Egia da zinemaren historian film pila daudela haurrak protagonista dituztenak, eta kaleak dauden haurren babesgabetasuna eta gogortasuna islatzen dutenak; Chaplinen El chico filmetik hasita, Victor Gaviriaren La vendedora de rosas filmera. Zentzu horretan, Zainen biziraupenaren istorioa Beiruteko kaleetan, kamera geldoan eta edulkoratzailerik gabe kontatua, beste edozein hiritako beste edozein umerena izan liteke. Irudi horiek interpelatzen gaituzten eta salaketa gisa ulertzen ditugun ala ez, ikusleak erabaki behar du.
  • Beste konu bat da nork salatzen duen.

    BiZinetza Katalogoan dagoen beste film batean (Los Miserables), Ladj Ly zuzendariak behin eta berriz esaten du bera kaleko mutikoa izan dela, eta bere filmean kontatzen duena bizi izan duela. Beste zuzendari batek baino gaitasun handiagoa dauka berak, gazteek Montfermeilen, Paris ekialdeko auzo batean, poliziarekin dituzten arazoak kontatzeko? Nadine Labakik Zainen istorioa kontatzeko duen zilegitasuna eta gaitasuna handiagoak izango liratezke, Labaki bera Libanoko kaleko haurra izan balitz?