GREEN BOOK
Habibi Villanueva

Iraganeko (eta egungo?) Ipar Amerikan girotzen den road movie-a. Orduko gida turistikoek jasotzen dute zein hoteletan onartzen dituzten pertsona beltzak, eta zeintzuetan ez.

1960. hamarkada da. Jazz musikari fin batek, beltza denak, eta bere gidari zuriak, aurre egin beharko diote gizarte kontraesankor bati; musikaria txalotu egiten dute pianoan duen birtuosismoagatik, betiere antzokietara atzeko atetik sartzen bada.

HERRIALDEA, URTEAAEB, 2018

ZUZENDARIAPeter Farrelly

AKTOREAKViggo Mortensen, Mahershala Ali, Linda Cardellini, Dimiter Marinov, Mike Hatton

SARIAK2019: Oscar saria film onenari, bigarren mailako gizonezko aktore onenari eta gidoi onenari
2019: Oscar saria film onenari, bigarren mailako gizonezko aktore onenari eta gidoi onenari
2019: AACTA eta BAFTA sariak, eta Aktoreen Sindikatuaren sariak, besteak beste.

gaikako etiketak

Pianista afroamerikar batek italiar-estatubatuar zakar bat kontratatuko du bere txoferra eta bizkarzaina izan dadin 1962ko udazkenean AEBetako hegoaldean zehar egingo duen biran, arrazakeriaren mende dauden lurralde eta garai batera eramango dituen bidaia batean.

Kritika

1960ko hamarkadako AEBetako arrazakeriaz hitz egitea garai historiko batera bidaiatzea da; garai hartan konbentzionala zena, sozialki onartua zegoena, pertsona beltzak diskriminatzea zen. Bidaia honen alderdi interesgarriena da aukera ematen digula gaur egungo arrazakeriari buruz hitz egiteko, ez bakarrik Estatu Batuei dagokienez, baita Europa eta beste herrialde batzuei dagokienez ere, non, oraindik ere, pertsona beltzak diskriminatzen dituzten egoera tamalgarriak onartzen dituzten.

GEHIAGO

ELKARRIZKETA ESZENAK ETA XEHETASUNAK

  • Biszeralitate arrazista, migratzaile ere izan zirenengan.
    Bitxia da protagonista hain arrazista izatea familia etorkina duenean, italiarra baita. Izan ere, horrek ez du esan nahi AEBetan diskriminatzen dituzten beste kultura batzuekin nolabait enpatizatu dezakeenik, guztiz kontrakoa baizik. Diskriminatutako kolektiboek diskriminatzen al dute? Zergatik? Diskriminatuak ez direnek baino gehiago ala gutxiago diskriminatzen dute? "Justifikagarriagoa" al da diskriminatuak direnek —edo izan direnek— diskriminatzea, diskriminatu gabeek baino? Zergatik ez dute errazago enpatizatzen? Nork irabazten du horrekin?
  • Berdintasuna eta diskriminaziorik eza behartzea.
    Protagonistak, ikusten duenean musikari beltz batentzat txofer gisa lan egingo duela, duen lehen erreakzioa arbuiatzea da, baina onartu egiten du. Aurreiritziek ez al dute dirudien adinako indarrik? Batzuetan beharrezkoa al da norbait zerbait egitera "behartzea", horrela bere pertzepzioa aldatu ahal izateko? Izan ere, film bat da, baina benetako istorio bat ere bada. Azken batean, estrategia gisa, baliozkoa al da gure aurreiritziez hausnartu eta horiek zalantzan jartzera derrigortzea, edo are "engainatzea"? Zilegi al da? Xedeak bitartekoak justifikatzen al ditu? (diskriminazio positiboko politikekin lotu genezake hori, hain eztabaidatuak eta zalantzan jarriak).
  • Arrazkeria, klasismoa eta homofobiaren arteko kontraesanak eta intersekzioak
    Bidaian zehar diskriminazio eta mespretxu handiko egoerak gertatzen dira, batez ere hotel eta jatetxeetan, eta festaren batean. Baina, gero, musikaria ohore guztiekin hartzen dute, txalotu eta miretsi egiten dute. Nola da posible hain kontraesan handia izatea? Arrazakeria kontua da soilik? Edo "arrazakeria eta klasea"? Edo "arrazakeria, klasea eta hipokrisia"? Tony Villalogak, bere burua diskriminatuta ikustean, edo ia lehen pertsonan sufritzen duenean, errazago enpatizatzen al du, emozioetatik? Agian esaldi hau berreskuratu dezakegu: "Denok diskriminatzen gaituzte, noizbait, norbaitek edo zerbaitek. Horretaz jabetuko bagina, toleranteagoak izango ginateke besteekin"? Zentzu horretan, Don Shirley homosexualentzako klub klandestino batean atxilotzen dute, eta honek Tonyri deitzen dio; hor agerian geratzen da homosexuala izateagatik jasotzen duen gaitzespena, eta horrek adierazten du are okerragoa dela hori, beltza eta heterosexuala izatearen aldean: Zer arbuio da indartsuena, zerk eragiten du diskriminazio gehien, azalaren koloreak ala sexu-orientazioak? Intersekzionalitatea landu daiteke horren bidez? Eta Don Shirley izan ordez, Maria Shirley izan balitz? Horrek, bidez batez, aukera ematen digu aipatzeko eskasa dela emakume garrantzitsuek filmeak duten presentzia, eta, garai hartako egoera islatzen badu ere, eskertzekoa zatekeen hain nabarmena ez izatea.
  • Musika, aurreiritziak desmuntatzeko.
    Filmean, musika bera ere protagonista da. Ondorioz, pertsonak hurbiltzeko, emozioetatik lan egiteko eta aurreiritzi arrazistak desmuntatzeko elementu edo estrategia posible gisa aztertzen da musika. Musikaren estrategia eraginkorra al da, bereziki, edo artearena, oro har? Beste elementu batzuk behar ditu pertzepzio arrazista horiengan aldaketak eragiteko? Hau da, musikari esker, beste modu batera hurbilduko ez liratekeen pertsonen arteko hurbilketa errazten da, baita "klase" edo "arraza" kontuengatik urrun dauden pertsonen arteko hurbilketa ere. Zer gertatzen da gero? Aldaketaren bat dago, ala dena bere izatera itzultzen da? Musikak edo arteak beste aliatu batuzk behar ditu aldaketak eragiteko?

Zine-forumean erabiltzeko eztabaida eta dinamizaziorako beste galderak:

  • Hipokrisia lehen… eta orain.
    Interesgarria da ezagutzea 1960. hamarkadako AEBetako klase altuko gizartean agertutako hipokrisia, alde batetik Don Shirley musikari gisa txalotu eta onartzen zuena, eta, bestetik, beltza izateagatik diskriminatzen zuena. Horrek egungo jendartearekin duen paralelismoak honakoa zalantzan jartzera eraman lezake: Green Booken ageri den hipokrisia iraganeko kontua da, ala orain gerta litekeen zerbait da, modu sotilagoan eta zeharka bada ere?