HAPPY END
Egilea: Rosabel Argote

Frantziako goi burgesiako familia baten erretratua, alboko Calaisko migratzaileen kanpalekuko sufrimenduarekiko burbuila iragazgaitz batean bizi dena.

“Ezin dut etorkinen inguruko film bat egin; ez dut haien bizitza ezagutzen nire esperientziaren bidez. Baina film bat egin dezaket edozein sufrimenduren aurrean adierazten dugun axolagabekeriari buruz” (zuzendariak Haneke por Haneke liburuan egindako adierazpenak).

HERRIALDEA, URTEAAustria, 2017

ZUZENDARIAMichael Haneke

AKTOREAKIsabelle Huppert, Jean-Louis Trintignant, Mathieu Kassovitz, Fantine Harduin, Toby Jones, Franz Rogowski, Laura Verlinden, Aurélia Petit, Hille Perl, Hassam Ghancy, Nabiha Akkari, Joud Geistlich, Philippe du Janerand

SARIAK2017: Canneseko Zinemaldia, Sail Ofiziala
2017: Europako Zinemaren sariak: Gizonezko aktore onenaren izendapena eta emakumezko aktore onenaren izendapena.

gaikako etiketak

Film luze honek Europako goi burgesiako familia baten istorioa kontatzen du. George familiako patriarkaren bizitzaren amaieraren zain dago familia. Georgek iraganeko garaiak gogoratzen ditu, eta hobeak iruditzen zaizkio; bitartean, gainerako senideek, beren erronka eta arazo propioei aurre egin behar diete. Aldi berean, errefuxiatuen krisialdian murgilduta eta migrazioaren inguruko eztabaida betean dago gizartea. Eztabaida, hein batean, migratzaileen kanpalekuekin lotuta dago; horien artean Calaiseko kanpalekua dago, familiaren higiezin-enpresa garrantzitsuaren ondoan (Sensacine-ren sinopsia).

Kritika

Zinemak, kontzientziak masiboki astintzeko tresna gisa, bat egin du hainbat arlotatik Europaren hipokrisia salatzen duten mezuekin, Europak "errefuxiatuen krisialdia" deitzen duen hori salatzeko, alegia (Aylan, Moria, Kanariak...).

Horrela, Michael Hanekeren Happy End bezalako filmak gure zinema-aretoetara iristen ari dira, eta agerian uzten dituzte Europan era arriskutsuan zabaltzen ari diren zinismo eta nagusitasun sentimendu xenofoboak (bere garaian Buñuelek El discreto encanto de la burguesía filmean egin zuenari keinu argia eginez). Zinta honek, eta gaur egungo beste batzuek, ikusleei deseroso sentiarazten diete. Izan ere, ikusleok, begi batekin, hondartzan hildako Aylan haur errefuxiatuaren irudiarekin negar egiten dugu; eta, bestearekin, gorrotoz begiratzen diogu gure ondoan dagoen eta hiyaba-a daraman emakume musulmanari.  Hala, zinemagintza, artea egitetik "artibismoa" egitera igarotzen da, eta errefuxiatuen errealitate dramatikoaren behatzaile izatetik (kameraren bisorearen atzean dagoen voyeur-a), inplikaziora pasatzen da, eta gure jendarte diruduna erosotasunez betetako eta elkartasunik gabeko burbuila dela erakusten digu.

GEHIAGO

ELKARRIZKETA ESZENAK ETA XEHETASUNAK

  • Paralelismoa Ruben Östlunden El cuadrado/ The Square filmarekin.
    Happy End filma The Square filmarekin batera estreinatu zen. The Square filmak Stockholmeko arte garaikideko komisario bat du protagonista, zeinak museo batean "Karratua" izeneko instalazio bat jartzen duen (lurrean dagoen karratu bat). Piezak segurtasun-espazio mugatu bat irudikatu nahi du; karratu horren barruan ezin da ezer txarrik gertatu. Horregatik, haren ondoan kartel bat irakur daiteke, honako leloarekin: "Konfiantzazko eta zaintzazko santutegia, non denok eskubide eta betebehar berberak ditugun". Instalazio horrek (Östlundek eta Kalle Bomanek 2015eko maiatzean benetan sortua) Suediako gizartea birsortzen du, eta haren barruan, hala ere, pertsona guztiek ez dituzte eskubide eta betebehar berberak (besteak beste, filmeko migratzaileek). Artelanaren hipokrisia hori protagonistaren hipokrisia bera da. Izan ere, protagonistak, inolako zalantzarik gabe, bere alderik arrazistena eta xenofoboena erakusten du kalean mugikorra lapurtzen diotenean, eta hiriaren kanpoaldeko auzo txiro bat mehatxatzea erabakitzean. Beste eszena esanguratsu bat museoko bedel eta garbitzailearena da, zeinak, erakusketa-aretoetako batean, xurgagailuarekin, zabor multzo batzuk garbitzen dituen, arte oso kotizatua zirenak. Gure egungo gizarteak ba al du antzik, Hanekeren jatetxeak edo Östlunden "karratuak" bezala, konfiantzazko santutegi batekin, non denok ez ditugun eskubide berberak?

  • Europaren hipokrisiari buruzko filmak.
    Interesgarria da, goian esan bezala, Hanekek elkarrizketa batzuetan honako hau esatea: "Ezin dut etorkinen inguruko film bat egin; ez dut haien bizitza ezagutzen nire esperientziaren bidez. Baina film bat egin dezaket edozein sufrimenduren aurrean adierazten dugun axolagabekeriari buruz". Hala, pentsamolde dekolonialeko eskolekin lerrokatzen da, ziurrenik nahi gabe bada ere. Pentsamendu horretako eskolek besteen errealitatea ikuspegi hegemoniko zuri pribilegiatutik irudikatzen duten pertsonak kritikatzen dituzte. Horrela, norberaren hipokrisian zentratzen da, eta zinemagile europarra den heinean, bere burua ere hor kokatzen du. Zer beste film ekoitzi dira ikuspegi horrekin berarekin?