LA VIDA SECRETA DE LAS PALABRAS
Egileak: Paloma Gutiérrez eta Rosabel Argote

Balkanetako Gerraren izugarrikeriaren aurrean “igeri egiten ikasteko” lezioa.

Irlandan errefuxiatutako neska baten mututasunari eta isiltasunari buruzko istorioa da, Jugoslaviako genozidiotik eta gerra-arma gisa baliatutako sexu-indarkeriatik bizirik atera ostean. Alaba galdu zuen, etxea galdu zuen. Coixeten filmak isiltasunetik bertatik kontatzen du bere isiltasuna, samurtasunez, sakontasunez, poesia bisualaz eta grinaz, eta ikusleei eskatzen die ez konformatzeko jakitearekin zer gertatu zen, eta, horren ordez, “igeri egiten ikasteko”.

HERRIALDEA, URTEAEspainiako Estatua, 2005

ZUZENDARIAIsabel Coixet

AKTOREAKSarah Polley, Tim Robbins, Javier Cámara, Sverre Anker Ousdal, Steven Mackintosh, Julie Christie, Eddie Marsan, Daniel Mays, Dean Lennox Kelly, Danny Cunningham, Emmanuel Idowu, Reg Wilson, Leonor Watling

SARIAK2005: 4 Goya sari: Film onena, zuzendari onena, jatorrizko gidoi onena, arte zuzendaritza onena.
2005: Forqué sariak: Film onena
2006 Ariel sariak: Film iberoamerikar onena

gaikako etiketak

Istripu bat gertatu da Irlandako itsas zabaleko petrolio plataforma batean. Joseph (Tim Robbins) aldi baterako itsu geratzen da, suaren ondorioz. Hura zaintzeko, petrolio enpresak erizain bat kontratatuko du (Hannah Amiran, Sarah Polleyk antzeztua), plataforman biziko dena gaixoa sendatzeko eta osatzeko prozesu osoan zehar. Denbora igaro ahala, haien artean adiskidetasun harreman bat ehunduko da. Hasiera batean isiltasuna dena, hitzen bizitza sekretua ezkutatzen duena, konfidentzia eta aitorpen enigmatiko eta labur bihurtzen da. Horrela, Irlandan bizi den emakume errefuxiatu honen iragana ezagutuko dugu, Balkanetako gerratik bizirik atera zen emakume gisa. Gerran zehar, Dubrovnikeko hotel zahar batean bahitu zuten (beste hamabost emakumerekin batera), hilabete luzez bortxatu zuten, eta bere hizkuntza bera hitz egiten zuten erasotzaileek tratu txarrak eman zizkioten, are nazka eta lotsa gehiago sortuz; urte batzuk beranduago bizkarrean daraman bizipen hori ez du inorekin partekatu. Azkenean, protagonistak bere soina biluzten du, eta soldaduek egindako ebakien orbainak erakusten dizkio Josephi; honek orbainen gainetik pasatzen ditu hatzak, emakumearen gorputza irakurtzeko.

Kritika

Bizilagun ditugun errefuxiatuen aurpegi isil eta atzerritarren atzean, istorio dramatikoak daude, gutxitan ezagutzen ditugunak. Zentzu horretan, La vida secreta de las palabras funtsezko filma da nekez ikusten ditugun inguruko errealitate sozialetara eta giza konplexutasunera hurbiltzeko.

Izan ere, Hannaren istorioa edozein herri, auzo edo hiritako bizilagunen istorioa izan daiteke; torturatik, minetik eta jatorrizko herrialdean bizitzeko ezintasunetik ihesi doazen pertsonena, alegia. Isabel Coixeten filmak zera gogorarazi nahi digu asiloa eskatzen duten harrera-herrialdeetako herritarrei: errefuxiatu bat bere herrialdetik ihes egiten duena da, etnia, erlijioa, nazionalitatea, talde sozial bateko kide izatea edo iritzi politikoak direla-eta jazarria izateko beldur funtsatua duena. Gerra baten, gatazka baten, indarkeria-eztanda orokorraren ondorioz ihes egiten du; ez dago herritarrak babestuko dituen estaturik. Edo, are gehiago, estatua bera da jazarlea. Ihes egiten dutenak emakumeak direnean, jazarpenari sexu-indarkeria eta beste tortura espezifiko batzuk gehitzen zaizkio, hainbestetan ikusezin bihurtzen direnak, baina Isabel Coixetek horiek kontakizunaren erdigunean jartzea lortzen du.

GEHIAGO

ELKARRIZKETA ESZENAK ETA XEHETASUNAK

  • Viaje al corazón de la tortura dokumentala da filmaren jatorria.
    Film hau, esan bezala, Isabel Coixeten Viaje al Corazón de la tortura (2003) dokumentaletik abiatuta sortu zen. Bertan, Coixetek, Balkanetako Gerran emakumeen aurka gauzatutako indarkeriaren inguruko ikerketa lana eta salaketa kondentsatzen ditu, eta emakume askoren bizipenak biltzen ditu; haien testigantzak Hannaren pertsonaiarengan destilatzen dira. Dokumental hau ikustea eta pertsonen eta pertsonaien ezaugarri komun horiek aztertzea gomendatzen dugu.
  • Genero-ikuspegia antzinako Jugoslaviako genozidioaren azterketan.
    Pertsonen eta pertsonaien arteko ezaugarri komunen azterketa horretatik, antzematen da ezagutza dagoela gerra garaian emakume izatearen ondoriozko izugarrikeria gehigarriei buruz. Ezagutzen al dituzu beste gerra batzuetako beste emakume batzuen istorioak?
  • Emakume errefuxiatuen isiltasun postraumatikoa.
    La vida secreta de las palabras isiltasunez egindako filma da. Isiltasunak, Hannaren kasuan, hainbat geruza ditu: alde batetik, bere egoera fisikoa islatzen du (entzumen gabezia du gerran lehertutako bonben ondorioz), eta, bestetik, bere egoera psikologikoa. Bi egoerak gurutzatzen dira Hannak bere audifonoa deskonektatzen duenean, eta bere isiltasunean murgiltzen denean. Isolamendu hori hautatua da, bere ingurukoengandik urruntzeko ekintza kontzientea. Zerk salbatzen du? Isiltasun horretan apropos ezkutatzeak, ala hitz egiteak dakarren sendatze-terapiak?
  • Hitzik gabe, keinuak geratzen dira: garbitasunarekin obsesionatzea, plazera ukatzea.
    Filmak isiltasunetik hitz egiten du isiltasun horri buruz. Horregatik, hitzen bidez transmititu ordez, xehetasunen eta keinuen bidez transmititzen dira esanahiak. Adibidez, ikusleek badakite Hannak sexu-indarkeria bizi izan duela, garbitasunarekin duen obsesioagatik. Bortxatua izateak zikin egotearen edo lohia izatearen sentimendua eragiten dio, eta, ondorioz, konpultsiboki garbitzen ditu eskuak, aldiro xaboi-pastilla berri bat erabiltzen du eta jarraian botatzen du. Kontrara, Hannari ez zaio axola itxura fisikoa, arropa edo orrazkera; uko egiten dio gizonentzat erakargarria izateari. Uko egiten dio ere edozein plazer sentitzeari (egunero gauza bera jaten du: arroza, oilaskoa eta sagar bat, zaporeez ez gozatzeko). Zer beste keinu eta xehetasunen bidez kontatzen da Hannaren biografia?
  • Zuk, agian, ez duzu aurreiritzirik, baina nik bai.
    Harrera-gizartea Javier Cámara dibertigarriak antzezten du, eta hala galdetzen dio Hannari: "Nongoa da azentu hori?". Hannak: "Zer axola dio? Haustura bat, haustura bat da, ezta?". Cámarak erantzuten dio: "Ez dut nahi zuk pentsatzea aurreiritziak ditudala, ez ditudalako", eta Hannak elkarrizketa ixten du: “Zuk, agian, ez dituzu izango, baina nik bai”. Zein aurreiritziz ari da Hanna?
  • Lotsa irudikatzea, pertsonaia bikoiztearen bidez.
    Hannak bere istorioa hirugarren pertsonan kontatzen du, bere lagun bati gertatu izan balitzaio bezala, eta ez berari. «Bere oihuak kontatzen zituen, bere oinazea neurtzen zuen eta pentsatzen zuen ezin zuela gehiago sufritu; orain hilko da, hurrengo minutuan, mesedez…». Josephek lagun horren izena galdetzen dionean jartzen da agerian bere benetako identitatea: Hanna.
  • Soilik biktima ez denaren erresilientzia.
    Erresilientzia honako elkarrizketa honetan definitzen da filmean: Nola bizi zara bizi izandako gauzekin, ondorioekin, heriotzekin? Hannak erantzuten du: "Ez dakit. Aurrera eginez". Erresilientziei buruzko filma dela esan genezake?

Zine-forumean erabiltzeko eztabaida eta dinamizaziorako beste galderak:

  • Filma banatu egin daiteke, gainjarrita filma osatzen duten geruzatan.
    Horietako batean, neskato baten off ahotsaren bidezko narrazioa baino ez dago (Hannaren barne-ahotsa dela uste dugu hasieran, eta gero jakiten dugu gerran torturatu eta hildako bere alabaren ahotsa dela). Beste geruza bat Hannak mugikorrean entzuten dituen audioek osatzen dute. Isiluneak ere badaude, Hannak bere psikologoarekin telefonoz komunikatzeko erabiltzen dituenak barne. Zer kontatzen digu kaleidoskopio honek, ahazten ez diren oroitzapenei buruz?
  • Oso zabala da pelikulan ikus daitezkeen xehetasunen inbentarioa:
    Zergatik deitzen dio Josephek Hannari "Cora", Julio Cortazarren La señorita Cora ipuinean bezala? Zer esanahi du petrolio plataformaren izena Genefke izateak, Kopenhageko Torturaren Biktimentzako Nazioarteko Birgaitze Zentroko zuzendariaren abizena bezala? Zergatik botatzen ditu brodatuak zakarrontzira Hannak? Zer dira josteko lan horiek, off ahotsak honela deskribatzen dituenak?: "Denbora akatu behar ditugu, denborak gu akatu baino lehen". Filma ikusten den aldiro, xehetasun berri bat deskubrituko dugu. Ikusleek azkenean ezagutzea lortzen duten "bizitza sekretu" horren gidoi paregabeagatik, bejondeiela.