BUENOS VECINOS
Egilea: Rosabel Argote

Zergatik gorrotatzen dugu bizilagun bat, ideologia, klase eta kultura berekoa dena, haren zuhaitzak gure lorategian itzal egiten digulako?

Komedia beltza: gizakiok zuhaitz batengatik egiteko gai garen miseriei buruzkoa, auzo-harremanei —bizikidetza, koexistentzia, etsaitasuna— buruzkoa, gorroto ilustratuari buruzkoa eta ustezko ongizate-gizarteari buruzkoa.

HERRIALDEA, URTEAIslandia 2017

ZUZENDARIAHafsteinn Gunnar Sigurðsson

AKTOREAKSteinþór Hróar Steinþórsson, Edda Björgvinsdóttir, Sigurður Sigurjónsson, Þorsteinn Bachmann, Selma Björnsdóttir, Lára Jóhanna Jónsdóttir, Dóra Jóhannsdóttir, Hjortur Johann Jonsson

gaikako etiketak

Ustezko desleialtasun baten ondorioz, emazteak etxetik botako du Atli, eta ez dio alaba gehiago ikusten utziko. Gurasoen etxera joan beharko du bizitzera. Gurasoak, aldiz, auzokoekin borrokan ari dira; izan ere, haien zuhaitz eder ikaragarriak itzala ematen du auzokideen patioan. Atli bere alaba ikusteko borrokan ari den bitartean, auzokideen konfrontazioa areagotu egingo da, muga harrigarriak gaindituta. Hala ere, filmaren gai nagusia ez da eztabaida txiki hori. Zuhaitza aitzakia bat da, sinbolo bat, eta haren bidez islatzen da krisialdi betean murgilduta dauden pertsona batzuen frustrazio erreprimituen uholdea. Elkarren ondoan bizi dira, ez besterik (zinemagabiaren sinopsia).

Kritika

Badago film mota bat, migrazioaz eta asiloaz hitz egin gabe, kulturarteko bizikidetzaz hitz egiten duena; halako filmetan, edozein elementu anekdotiko da ardatza, zerikusirik ez duena ez atzerritartasunarekin, ez errefuxiatuekin. Elementu anekdotiko honek, batzuetan, aitzakia gisa funtzionatzen du, eta, beste batzuetan, metafora gisa. Hala, funtzio katalizatzailea du "beste horiekin" garatzen diren harreman- eta auzo-dinamikei buruz hausnartzeko. Elementu hori, esaterako, zuhaitz bat izan daiteke.

GEHIAGO

ELKARRIZKETA ESZENAK ETA XEHETASUNAK

  • Pertsonen arteko gorrotoa.
    Gorrotoa maitasunaren kontrakoa da, batzuek axolagabekeria dela zehazten duten arren. ¿Por qué odiamos? filma ikustea gomendatzen dugu, Steven Spielberg eta Alex Gibneyk 2019an Discovery Channelentzat ekoitzia, izenburu bereko lau kapituluko telesailaren parte dena. Telesail horrek kolektiboen arteko gorrotoa nola sortzen den azaltzen du; hain zuzen ere, estereotipo jakin batzuek sortzen dituzten aurreiritziek arbuioa elikatzen dute, eta hori gorroto bihurtzen da.

    Hala ere, Buenos vecinos filmak islatzen duen gorrotoa ez da kolektiboen arteko gorroto hori; bi familiaren gorrotoa da, bizilagunak direnak, eta bakoitzak bere arazoak ditu. Gorroto hori nola sortu eta hazten den azaltzeko, neurozientziak "enpatia-arrakala" aipatzen du, alegia, gorrotatzen dugun pertsona deshumanizatzeko prozesua. Hau da, hurbileko pertsona bat gorrotatzeko, deshumanizatu egin behar dugu, eta deshumanizazio prozesu hori arrazionala da, ez da inpultsiboa. Jabetzen al gara hurbileko pertsonak deshumanizatzera heldu gaitezkeela, eta hori egin ezean, ezingo genituzkeela gorrotatu? Deshumanizazio prozesu horretaz jabetuta, hra aldatzen saia gaitezke?

  • Gorroto ilustratua.
    Islandia ez da oso herrialde ezaguna. 360.000 biztanletik gora ditu, batez besteko soldata 70.000 eurokoa da, eta munduko babes sozialeko sistemarik indartsuenetakoa du. Beraz, gizalegean hezitako gizarte batez ari gara, munduko herrialde zoriontsuenen artean lehen lekuetakoa duena. Hala ere, Buenos vecinos filmean, Hafsteinn Gunnar zuzendariak ongizatearen gizarte honen beste aurpegia eskaintzen digu, hipokrisiaz betea. Horrek gogorarazten digu, bi familien auzotasun/gorroto harremanak aztertzerakoan, testuingurua garrantzitsua dela ez ahazteko gizarte aurreratuenetan ere badaudela gorrotoa eta arbuioa.

Zine-forumean erabiltzeko eztabaida eta dinamizaziorako beste galderak:

  • Gorroto delituak aztertzea, giza psikologiaren ikuspuntutik.
    "Gorroto delituak" agenda politikoan daude eta, ironia pixka bat onartzen badugu, modan daudela esan dezakegu. Ikuspegi normatibo eta judizialetik heltzen zaie. Hala, gorrotoa, sentimendua den aldetik, ezin da zigortu, eta ez da zigortu behar. Norbaitekiko gorroto-motibazio batek eragindako ekintzak zigortzen dira, haren jatorria, etnia, sexu-orientazioa eta abarrekin zerikusia duen ezaugarri batek piztutakoak. Edonola ere, neurozientziak rol garrantzitsua izan beharko luke halako delituei aurre egiteko orduan. Norbaitek beste norbait gorrotatzeko mekanismoei arreta handiagoa jartzen badiegu, saihestu ahal izango dugu pertsona horrek indarkeriazko ekintza jakin batzuk egitea, nahiz eta horren ordaina izan bizikidetzaren eta arbuioaren arteko erdibideko irtenbide batekin konformatu behar izatea.

    Testuinguru ideologiko jakin baten baitan defendatzen dugu, alegia, migratzaileen integrazio-ereduei buruzko literaturaren baitan. Horren arabera, kulturarteko elkarbizitza eredua da ondoen ikusten dena, eredu asimilazionista da okerrena, eta kulturen koexistentziaren eredu multikulturalak ere ez du ospe onik. Hala ere, batzuetan, koexistentzia baketsua lortu behar dugu. Nire bizilaguna komunitatean eskubide eta betebehar berdinak dituen pertsona dela onartzeak, ez du esan nahi hura gogoko izan behar dudanik; are gehiago, baliteke nire bizilaguna gogoko ez izatea.