C’est la vie
Egileak: Ainhoa Garagalza eta Rosabel Argote

Kultura aniztasuna edo kulturartekotasuna: luxuzko bankete batean kadeneta dantzatzea.

Komedia honek umorez mozorrotzen du aberaskumez eta kexatiz betetako jendarteari egiten dion kritika. Izan ere, askoz hobeto egongo ginake (elkar)bizitzaren alde egingo bagenu, elkarren alboan existitzeaz harago, jatorri kultural ezberdinak batuz, ez kenduz.

HERRIALDEA, URTEAFrantzia, 2017

ZUZENDARIAOlivier Nakache, Eric Toledano

AKTOREAKJean-Pierre Bacri, Vincent Macaigne, Kévin Azaïs, Eye Haidara, Suzanne Clément, Gilles Lellouche, Judith Chemla, Jean-Paul Rouve, Benjamin Lavernhe

SARIAK2018: Europako Zinemaren sariak: Komedia onenaren sarirako izendatua
2017: Goya sariak: Europako film onenaren sarirako izendatua
2017: Donostiako Zinemaldia: Sail ofiziala
2017: Cesar sariak: 10 izendapen

gaikako etiketak

Paris, gaur egun. XVIII. mendeko gaztelu frantses batean luxuzko ezkontza bat ospatuko da, eta arduradunei esku artetik joango zaie egoera. Arduradun nagusia Max (Jean-Pierre Bacri) da, ezkontzaren antolatzailea, zeinak aurre egin beharko dion gazteluan ospatzen den luxuzko ospakizunari. Badirudi dena oso ondo antolatuta dagoela ekitaldia arrakastatsua izan dadin: zerbitzariak, orkestra, menua, DJa, lore-dekorazioa. Baina trabak sortuko dira uneoro, eta, ondorioz, emaitza hondamenditik gertu egongo da (Filmaffinityren sinopsia).

Kritika

Nolakoa izango litzateke gure ingurune soziala, gure antzeko pertsonekin, gure familiakoekin, gure adinekoekin, gure egoera ekonomiko berekoekin harremanak izatera mugatu beharrean, erabakiko bagenu gure auzo, herri edo hirian bizi direnekin elkarbizitzea? Gaur egun, gure eguneroko bizitzan, beste kultura batzuetako pertsonen alboan bizi gara. Baina ez dugu elkar ezagutzen. Ez gara gure artean nahasten. Ez gara elkarrengana hurbiltzen. Ez dugu (elkar)bizitzarik partekatzen. Horri buruz hitz egien digu itxuraz gatzgabea den komedia honek; gure erretratua eskaintzen digu, Frantziako jendartearen erretratuaren bidez.

GEHIAGO

ELKARRIZKETA ESZENAK ETA XEHETASUNAK

  • Kulturarteko bitartekariak

    Filmaren lantaldearen barruan, Roshanen figura nabarmendu nahi dugu; kulturarteko bitartekaria eta itzultzailea da. Roshaek, pakistandar taldearentzat —eta haiekin batera—, interpretatu egiten ditu ezberdintasun kulturalak, harrera-gizartearen eta errealitate berria ulertzen saiatzen den pertsona-taldearen artekoak. EAEn Biltzen daukagu, Eusko Jaurlaritzaren Integraziorako eta Kulturen arteko Bizikidetzarako Zerbitzua; aholkuak eta laguntza ematen dizkigu, kadeneta dantzatzen —edo behar dena— ikasteko, eta bitartekari gisa aritzen da kultur aniztasunetik kulturartekotasunera igarotzen laguntzeko.

  • Kultur aniztasuna edo kulturartekotasuna, koexistentziatik bizikidetzara.

    Filma baliagarria izan daiteke kulturaniztasun, kulturartekotasun, koexistentzia eta bizikidetza kontzeptuez hausnartzeko eta horiek aletzeko, oso kontzeptu erabiliak baitira migrazioaren eta asiloaren arloan lan egiten dugun antolakunde sozialen artean. Une jakin batean, teoriatik praktikarako bidaian murgildu gintezke, hausnarketatik benetako “oturuntzara”. Esaterako, CEAR-Euskadi, Gipuzkoako SOS Arrazakeria, Ellacuría Fundazioa eta beste elkarte eta enititate publiko askok antolatzen duten Bizilagunak ekimenaren antzeko esperientzietan parte hartuz, elkar ezagutu dezagun; baita konga dantzatzen ere, zergatik ez?