EL OTRO LADO DE LA ESPERANZA
Egilea: Rosabel Argote

Zinema absurdua, babesteko balio ez duten asilo-prozedura absurduei buruzkoa.

Sentimentaltasun paternalistarik gabeko umorezko erretratua. Siriako errefuxiatu baten eguneroko bizitzari buruzko film samurra eta surrealista da; Finlandiako herrialdeak ezetz esaten dio, baina, finlandiarrek, baietz.

HERRIALDEA, URTEAFinlandia, 2007

ZUZENDARIAAki Kaurismäki

AKTOREAKSakari Kuosmanen, Sherwan Haji, Kati Outinen, Tommi Korpela
Janne Hyytiäinen, Ilkka Koivula, Kaija Pakarinen, Nuppu Koivu,
Tuomari Nurmio, Niroz Haji

SARIAK2017: Berlingo Zinemaldia: Zilarrezko Hartza - Zuzendaririk onena
2017: Europako Zinemaren Sariak: Film Onenaren eta Zuzendari Onenaren izendapena

gaikako etiketak

Helsinki. Khaled gaztea ezkutuan iritsiko da Siriatik datorren zamaontzi batean. Bere asilo eskaera errefusatzen dute, baina, hala ere, geratzea erabakitzen du. Bitartean, Wikström izeneko merkatari gris batek bere bizitza aldatzea erabakitzen du, eta jatetxe dekadente bat irekitzen du. Bion bideak gurutzatu egingo dira arratsalde batean, Wikhströmek Khaled jatetxeko atean aurkitzen duenean eta, hunkituta, hari etxea, janaria eta lana eskaintzea erabakitzen duenean. Baina mutikoaren ametsa bere arreba aurkitzea da, berak bezala Siriatik  ihes egin zuena (Filmaffinityren sinopsia).

Kritika

Errefuxiatuei buruzko filmei seriotasuna eskatu ohi zaie, baita soiltasuna ere. Umorea edo txantxak elementu labainak dira, eta film batean nola txertatzen diren, sentiberatasuna mindu dezakete. Nola egin barre, gerra baten ondorioz beren herrialdetik ihes egin behar dutenen drama batekin? Ausartegia eta errespeturik gabea izan daiteke komedia egitea, asiloa eskatzen duten benetako pertsonek —eta ez zinemako pertsonaiek— bizi dituzten egoera izugarrien kontura!

GEHIAGO

ELKARRIZKETA ESZENAK ETA XEHETASUNAK

  • Asiloa jokoan.
    Errefuxiatu polizoi baten eta finlandiar gizon baten artean paralelismoa eginez hasten da filma. Zer adierazi nahi du paralelismo horrek?
  • Puzzle bateko piezak diren istorioak.
    Khaledek bere asilo istorioa kontatzen du, filmean zehar bat datozen puzzle bateko piezak bezala. Zein da errefuxiatu gisa izan duen istorioaren azken argazkia, kontuan hartuta atxiloketa, neska-lagunaren heriotza, ospitalearen bonbardaketa, hainbat errefuxiatu-esparrutik igarotzea eta polizoi gisa egindako bidaia?
  • Gatazkaren irudikapen/aurkezpen mediatikoa.
    Hedabideek eskaintzen duten puzzlearen piezan, albiste bat entzuten da albistegian, zeinean ez den aipatzen Alepoko haur ospitale baten aurkako erasoetan errusiarrek parte hartu dutela. Zein interes geopolitiko eta estrategiko nahasten dira Siriakoa bezalako gerra batean?
  • Errefuxiatuen ikusezintasuna.
    “Inork ez gaitu ikusi nahi”. 22. minutuan, protagonistak bere jazarpen eta ihesaldiaren istorioa kontatzen duen elkarrizketa batean, Khaledek honakoa dio: "Bi hilabetez Hungaria, Austria, Eslovenia eta Alemania zeharkatu nituen. Serbiara ere itzuli nintzen, uste nuen [nire arreba] nire bila ibiliko zela". Orduan, Finlandiako Gobernuaren ordezkariak zera galdetzen dio: "Nolatan zeharkatu zituen hainbeste muga?". Khaledek honako hau erantzuten du: "Erraz. Inork ez gaitu ikusi nahi". Fikzioan duten ikusezintasun hori, errealitatean ere gertatzen al da?
  • 1951ko Genevako Konbentzioa urratzen duten ukapenak.
    Gobernuak, Siriako gerraren testuingurua onartuta ere, asiloa ukatzen dio Khaledi, honako argudio hau baliatuta: "Kanpo Arazoetako Ministerioak uste du Alepoko gatazka ez dela nahikoa larria hiriko biztanle guztiei arrisku-egoera pertsonal larriak eragiteko… Beraz, ez duzu ez babesik ez laguntzarik behar".  Zergatik ukatzen ditu herrialde batek beste herrialde batzuetatik datozen pertsonen asilo-eskaerak? Gatazka diplomatikoen kontua da? Interes ekonomikoen kontua? Nola interpreta daiteke Espainiako Estatuan 2019an asilo-eskaeren onarpen-tasa %5era jaitsi izana?
  • Errefuxiatuen animalizazioa.
    Film honetan errefuxiatuen animalizazioa salatzen da, jaberik, herrialderik eta norabiderik gabeko "kaleko txakur" gisa tratatzen baitituzte. Hain zuzen ere, "Liberation Army Finland" talde neonaziak errefuxiatuari su ematen saiatzen da "txakurtxo beroa!!!" oihukatuz. Eta, Lan Osasun Sailak jatetxean egindako ikuskapen batean, errefuxiatua komunean ezkutatuko dute, txakurrarekin batera: bi izaki debekatu eta klandestino dira. Zer beste eszenatan salatzen da Mendebaldeak errefuxiatuei ematen dien tratu ankerra?